GIZARTE-HIZKUNTZA EREMUKO PROGRAMAZIOA(E.H.A.A. 1998 - 05 - 26)
1. ARLOAREN HELBURUAK
1.– Ahozko eta idatzizko mezuak ulertzea, beren ezaugarriak komunikazio-egoera ezberdinetan antzemanez eta erabilitako hizkuntza-mekanismoei buruz hausnartuz.
2.– Ahoz zein idatziz koherentziaz eta zuzentasunez adieraztea, komunikazio-egoera desberdinei dagozkien baliabideak behar bezala eta autonomiaz erabiltzea.
3.– Irakurmena eta idazmena, adierazpena eta ulermena hobetzeko tresna gisa, eta kultur aberaskuntzarako eta bakoitzaren gozamenerako bitarteko gisa ulertzea.
4.– Hizkuntza, ikasketa berriak eskuratzeko, errealitatea ulertu eta ikuspegi kritiko batetik aztertzeko, pentsamendua egituratu eta garatzeko, eta norberaren jarduera arautzeko tresna gisa erabiltzea
5.– Norbere buruaren eta norbere ezaugarri eta aukeren irudi egokia osatzea, ahalegintzea eta zailtasunak gainditzea ongietsiz
6.– Gizarte garaikideen ezaugarri diren mekanismo, balio eta sinesmen-aniztasuna ulertzea, bizi den komunitateena bereziki, eta norbanakoaren eta taldearen eskubideen ezagutza eta erabilera gizartea arautzeko tresna gisa ulertzea.
7.– Gure gizartearen izaera eleanitza eta kultur aniztasuna herrien eta gizabanakoen aberastasun gisa ulertzea, estereotipoak gaindituz, eta beste kulturekiko eta gureekin bat ez datozen iritziekiko interes, tolerantzia eta errespetuzko jarrera erakutsiz, horiei buruz jarrera kritikoa izateari uko egin gabe.
8.– Kultur eta natur ondarea egoera sozial eta historiko baten adierazpide eta erakusgarri gisa ulertzea, eta eredu adierazgarrienetako batzuk interpretatzea, zaindu eta hobetzeak dakarren onuraz konturatuz eta norberaren gozamenerako iturritzat hartuz.
9.– Inguruneko arazo esanguratsuei buruzko ikerlan errazak burutzea, bakarka zein taldeka, ikerketen teknikak eta oinarrizko prozedurak erabiliz eta eztabaidak egitea jarrera eraikitzaile, kritiko eta tolerantziazko batetik, bakoitzak bere iritzi eta proposamenak arrazoituz eta ikuspegi-aniztasuna onetsiz.
10.– Iturburu ezberdinetatik, egungo komunikabideetatik batik bat, ahozko zein ikono, estatistika, kartografia... bidezko informazioa lortu eta interpretatzea. Informazio hori modu autonomoan landu, dituen mezuekiko jarrera kritikoak azalduz, eta era antolatuan eta ulertzeko moduan komunikatzea.
11.– Giza taldeek espazioa erabiltzean eta naturaren baliabideak ustiatzean bizi diren lurraldearekin ezartzen dituzten elkarrekintzak maila desberdinetan identifikatu eta aztertzea, elkarrekintza horiek dakarten ondorio ekonomiko, sozial, politiko eta ingurugiroari dagozkionak aztertzea.
12.– Gertakari politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalen artean gertatzen diren elkarrekintzak identifikatu eta aztertzea. Halaber, gizabanakoek, gizon-emakumeek, gizartean duten egitekoa zein den ere bai, gizarte hauek etorkizunean luzatzen diren aldaketa-prozesu luze eta korapilatsuen emaitza direla ulertuz.
2. EDUKIAK
Esparru honetako edukiak lau ardatzen inguruan egituratzen dira:lehengoa, esparrua osatzen duten bi arloentzako komuna; bigarrena, hizkuntz esparruari berariaz dagokiona, eta beste biak gizarte-arlokoak. Hala ere, ardatz ezberdinetako edukiak jasotzen dituzten unitate edo proiektuen bidez garatuko dira eduki horiek. Ikuspegi honen arabera, edukiak uztartu eta nolabaiteko barne-koherentziaz aurkeztea da ardatzen egitekoa.

Hona multzoak:
I. multzoa: Kultura, Hizkuntza eta Gizartea
(hizkuntza/gizartea esparruko multzo komuna)

II. multzoa: Ahozko eta idatzizko komunikazioa: erabilerak eta formak
(hizkuntz edukizko multzoa)

III. multzoa: Antolamendu sozioekonomikoa eta espazioaren eraldaketa
(eduki sozialeko multzoa)

IV. multzoa: Erakunde sozial, politiko eta kultural garaikideak
(eduki sozialeko multzoa)
I. MULTZOA: KULTURA, HIZKUNTZA ETA GIZARTEA
Kontzeptuzko edukiak
1.– Sistema soziokulturalen eta hizkuntz sistemen aberastasuna:* Ingurunearen, genero-sistemaren, egituraketa sozialaren, hizkuntzaren, mitoen, erlijioaren, folklorearen, artearen, eta abarren eragina euskal kulturan.Egungo kultura ez mendebaldarrak; gure inguruko beste talde eta kultura batzuk: kasuren baten azterketa.
  • Kultur aniztasun eta erlatibismoa Euskal Herrian (maileguak, akulturazioa, berrelaborazioa, etab.).
  • Ukipenean dauden hizkuntzen arteko harremanak. Elebitasuna Euskal Herrian. Espainiako hizkuntza eta dialektoak.
  • Hiztunen eskubide eta betebeharrak.




2.– Kultur hizkuntzak eta komunikazioa:* Egungo komunikabide ezberdinak -prentsa, irratia, telebista...–. Berezko ezaugarri formalak. Masa-gizartean iritzia sortzen eta bideratzen jokatzen duten papera.
  • Literatur hizkuntza: karakterizazioa eta generoak.
  • Arte hizkuntza. Arte plastiko eta ikus-entzuneko garaikideak.
Prozedurazko edukiak
  • Hizkuntzen arteko ukipenaren ondoriozko fenomenoen ezagupena.
  • Euskal Herriko eta Espainiako hizkuntza eta dialektoen kokapena espazioan.
  • Euskal Herriko sistema soziokulturalaren identifikazio eta azterketa.
  • Euskal Herriko gutxiengoetakoren batek kultur integraziorako dituen arazoen azterketa.
  • Komunikazio ezberdinek gertakari zehatzen aurrean dituzten ikusmoldeen azterketa eta jarrera ezberdinei buruzko hipotesien planteamendua.
  • Informazio-iturrien eta ikasleen ingurunean sarrien agertzen diren komunikabide sozialen bilaketa, identifikazio eta karakterizazioa.
  • Banakako edo taldeko lan bat egitea norberarena ez bezalako hurbileko zein urrutiko kultura bati buruz.
  • Garai ezberdinetako artelanen azterketa alderatzailea, parekotasun eta ezberdintasunak bilatuz.
  • Arte garaikidearen interpretazioa gizarte garaikideetako kultur aniztasunaren islada gisa.
  • Euskal gizartearen eta beste gizarte ezberdin bat(zu)en arteko ezberdintasun eta parekotasun kulturalen azterketa alderatzailea eta kritika.
  • Ikus-entzunezko agirien azterketa eta interpretazioa, erabilitako bitarteko adierazkorrak identifikatu, mezuaren objektibotasuna ebaluatu eta informazio eta iritziaren artean bereiziz.
  • Kultur adierazpenaren oinarrizko osagai eta baliabideen azterketa, mugimendu, azterlan eta autore ezberdinengan
Jarrerazko edukiak
  • Talde-lana elkar-trukerako eta norberaren garapenerako tresna egokitzat hartzea eta baloratzea..
  • Euskal Herriko eta Espainiako hizkuntz eta kultur aniztasuna onestea, eta euskara eta gaztelerarekiko jarrera aktiboa alor guztietan.
  • Hizkuntza adierazpen soziokultural gisa eta kultur transmisiorako eta sormenerako tresna gisa ulertzea.
  • Iritzi eta sinesmen desberdinen adierazpenekiko jarrera kritiko eta tolerantea.
  • Sentsibilitatea minusbaliotasun ezberdinak dituzten pertsonen adierazmoldeekiko.
  • Behar adina informazio izateko interesa eta gizarteko komunikabideen, eta bereziki publizitateko, mezuekiko jarrera kritikoa garatzea.
  • Mendebaldeko kulturaren lorpen eta kontraesanak onartu eta aintzat hartzearen aldeko jarrera.
  • Gizarte ezberdinetako kultur eta arte-adierazpenekiko begirune eta onespena, norberaren prestakuntzan duten garrantziaz jabetuz.
  • Gurea ez bezalako bizimodua duten pertsona eta gizarteekiko enpatiazko jarrera garatzea, aniztasuna gizateriaren aberastasun gisa ulertuz.
  • Pertsona bakoitzaren aukera etikoekiko begirunea.
  • Inguruneko ondare historiko, artistiko, etnografikoa... babestu eta gordetzearen aldeko jarrera.

II. MULTZOA. AHOZKO ETA IDATZIZKO KOMUNIKAZIOA: ERABILERAKO ETA FORMAK
Kontzeptuzko edukiak
1.– Ahozko eta idatzizko testua erabilpen-eremu ezberdinetan:Komunikazio-egoera:
  • komunikazioko solaskideak eta hauei dagozkien funtzioek testuan duten islada,
  • testuen izaera eta hartzailearengan izango duten eragina erabakitzen duten hizkuntz ekintzaren helburua (informatzailea, aginduzkoa, argudiozkoa, deskribatzailea, azalpenekoa, estetikoa...),
  • deixia (testua egoerari egokitzen zaion adierazten duten elementuak: denbora, egoera... markak),
  • modalizazioa (esatariaren egitekoa testuan),
  • arau soziokomunikatiboak.



Testuaren antolamendua:* testu-mota ezberdinak, testuaren antolaketa eta egituraketa, koherentzia eta kohesiorako elementuak.


Karakterizazio formala:
  • morfosintaxia (talde sintaktikoak, kategoria gramatikalak eta ortografia)
  • lexikoaren antolaketa (erregistro eta hizkera bereziak, baliabide estilistikoak, etab.)
Prozedurazko edukiak
1.– Informazio bilaketa eta lanketa:
  • Hizkuntz gaitasuna garatzeko erabilitako iturriez baliatzea: mota ezberdinetako hiztegiak, irakurtzeko liburuak, gramatika edo literaturari buruzko eskuliburuak, etab.
  • Ikaslearen interes-esparruko eta ikasgelako jarduerekin bat datozen testu ezberdinen irakurketa.
  • Esparruan erabilitako testuetan teknika ezberdinak aplikatzea: azpimarratzea, ideiak orri-ertzetan idaztea, eskemak, taulak, mapak, kontzeptuzko mapak, irakurketa ulergarria,...
  • Aurkibideak, fitxak eta bestelako sailkapen-sistemak erabiltzea informazio eta dokumentazio-iturrien kontsultan.
2.– Azalpen eta ulermen prozedurak:
  • Igorlearen asmoez eta testuinguruak testuan duen garrantziaz jabetzea, erabilitako osagai formalei erreparatuz.
  • Esparruko testu berezien iruzkina -ahoz eta idatziz-, testuaren taxuerari zein edukiari dagozkien alderdiei erreparatuz eta zuzentasun logikoa eta formala betez (joskera, hiztegi zehatza, ortografia, konbentzio grafiko eta ortografikoak betetzea, azalpenen argitasuna, etab.).
  • Bakoitzaren eta besteen testuen ulermen eta azterketa: ideia nagusien eta bigarren mailako ideiak kokatzea, gaia ezagutzea, egituratzen duten zatiak eta erabilitako oinarrizko baliabide estilistikoak.
3.– Ekoizpena eta komunikazioa:
  • Ahozko eta idatzizko hizkuntza pentsamendua antolatzeko, norberaren adierazpidea arautzeko (eguneroko arazoetan edo ikaskuntzako zereginetan) eta komunikatzeko bide gisa erabiltzea.
  • Helburu, erabilera eta itxura ezberdinetako testu idatziak sortzea (eskaria, curriculum vitae, txostena, memoria, merkataritza-gutuna, etab.) -aurretiaz edukia gidoi, eskema eta abarren bidez antolatu ondoren dagokion komunikazio-egoerara egokituz eta zuzentasun, koherentzia eta aurkezpenari dagokien araudia errespetatuz.
  • Gaurkotasuneko gaiei edo esparruari dagozkien gaiei buruzko eztabaidak, elkarrizketak etab. egitea, aurretiaz egin beharrekoak erabakiz (informaziorako materialak hautatu, bilatu eta erabiltzea) eta arau soziokomunikatiboak errespetatuz.
  • Burututako testuen berrikuste-prozesuak (zirriborroak, eskemak, plangintzak, etab.).
  • Ahozko eta idatzizko testuen plangintza eta antolaketa, ondoren gauzatzeko.
  • Testu bat sortzen deneko komunikazio-egoeraren: -helburua, solaskideak, etab.– eta osatzen duten osagai formalen ezagupena.
  • Solasaldiak, elkarrizketak, eztabaidak, azalpenak eta argudiaketak laburtzea, aurretik oharrak hartu ondoren.
  • Entzun edo idatzitako gai baten azterketa eta laburpena hartutako oharretatik abiatuta eta datuak eta iritzi eta balioespen pertsonalak bereiziz.

Jarrerazko edukiak
  • Ahozko eta idatzizko hizkuntza pentsamendua antolatzeko, adierazteko eta komunikatzeko tresna ezin hobetzat ulertzea.
  • Komunikazio-trukaketa arautzen duten arauak aintzat hartu eta errespetatzea.
  • Gizarte, arraza, hizkuntza, genero eta abarrengatikako diskriminazioa adierazten duten ahozko zein idatzizko erabilerekiko jarrera kritikoa.
  • Irakurmenarekiko interes eta zaletasuna, informazio, ikaskuntza eta gozamenerako iturri gisa.
  • Norberak bere testu idatzien koherentzia, egokitasuna eta zuzentasuna egiaztatzeko berrikusteak duen garrantziaz konturatzea
  • Testu idatziak taxutzeko gauza izatearen garrantzi sozial eta pertsonalaz jabetzea.
  • Informazio-iturri ezberdinetatikako hautaketa, irakurketa eta interpretazioa egiteko norberak dituen gaitasunetan konfidantza.
  • Informazio jakin bat lortzeko iturri egokiak erabiltzea balioestea.

III. MULTZOA: ANTOLAMENDU SOZIOEKONOMIKOA ETA ESPAZIOAREN ERALDAKETA

Kontzeptuzko edukiak
1.– Ingurugiroa eta bere babesa:* Ingurugiroaren eta gizarteen arteko elkarrekintzak. Biosferako arazo globalak. Inguruaren arazoak.
2.– Baliabideak eta beren ustiapena:
* Euskal Herriko landa-gune eta paisajeak.
  • Industria: lehengai eta energia kontsumoa. Euskal Herria, Espainia eta Europar Batasuneko industria-guneak.
  • Hirugarren sektoreko jardueren aniztasun eta garapena.
  • Inguruneko arazo ekonomiko nagusiak.
3.– Antolamendu ekonomikoa eta lan-mundua:* Etxeko-lana edo lan erreproduktiboa, eta lan produktiboa. Enpresa: antolaketa teknikoa, soziala eta generoaren araberakoa. Lan-harremanak, sindikatuak eta enpresari-elkarteak.
  • Merkatua: ekoizpena eta kontsumoa. Langabeziaren eta azpienpleguaren arazoak. Iparra-Hegoa harremanak.
4. Populazioa eta baliabideak:* Demografiako oinarrizko kontzeptuak: mugimendu naturalak eta migrazio-mugimenduak, hazkunde demografikoa,...
  • Egungo demografia-arazo nagusiak Euskal Herrian, Espainian, Iparraldeko herrietan eta Hegoaldeko herrietan.
  • Aniztasuna, espazio-desorekak eta baliabideen banaketa Espazioaren antolaketa eta urbanizazioa. Etxebizitza bat lortzeko zailtasunak eta hiriko beste arazo batzuk (atmosferaren kutsadura, zarata, hondakinen trataera, etab.).

Prozedurazko edukiak
1.– Arazo eta hipotesiak formulatzea:* Giza jarduera ezberdinek ingurugiroan aurkitzen dituzten arazo eta hipotesi ezberdinak formulatzea.
  • Ingurune hurbilean arazo ekonomiko eta sozialak eta hirigintzari dagozkionak identifikatzea.
  • Langabeziaren, etxebizitzen garestitzearen eta ingurune hurbileko beste arazo batzuen gainean hipotesiak formulatzea.
2.– Informazioa bilatu eta lantzea:*
Eskala ezberdinetako plano eta mapak irakurri eta interpretatzea, eta bertako toki eta gertakariak kokatzea.*
Behaketaren bidez landa edo hiri-paisajeei, ingurugiroko arazoei eta abarrei buruzko informazio aipagarria lortzea.*
Grafiko, diagrama zenbaki-taulak... irakurri eta interpretatzea eta hauetan oinarrituta, estatistikako taulak eta oinarrizko agiriak egitea.*
Hizkuntza grafiko eta estatistikoa erabiltzea ingurune sozial, ekonomiko eta abarreko fenomenoak deskribatzeko, hiztegi eta ikur egokiak erabiliz.*
Algoritmoak erabiltzea erabilera arrunteko indize-kalkulua egiteko, jatorri ezberdinetako datuak erabiliz (asmatuak edo komunikabideetatikakoak).*
Hizkuntza estatistikoaren bidez eginiko proposizioetan falaziak antzematea.*
Lan-munduko edo familiako edo norberaren ingurunean garrantzia daukaten arazo ekonomikoei buruzko informazio esanguratsuak lortu eta hautatzea, komunikabideetatik bereziki.3.– Azalpenerako prozedurak:*
Inguruaren eta giza ekintzaren arteko elkarrekintzaren kausa eta ondorioak aztertzea, hurbileko paisaje baten eta ingurugiroaren degradazio-prozesuen azterketa bat eginez.*
Informazioaren (testuak, grafikoak, ikus-entzunezko dokumentuak, etab.) zuzentasunari eta objektibotasunari buruzko azterketa kritikoa.*
Hiri edo eskualde bateko lur-erabilera ezberdinetan edo espazioaren desoreketan (hasi eskualde mailan eta planeta osoa hartzeraino) parte hartzen duten faktore ezberdinen azterketa.*
Hiriko arazoren baten azterketa (jende-metaketa, atmosferaren kutsadura, zarata, marjinazioa, etxebizitzen garestitzea, etab.).*
Herriko, eskualdeko edo autonomi elkarteko ezaugarri demografikoei, arazo sozialei edota ingurugiroari dagozkien arazoei buruzko laburpen, azterlan edo ikerketa errazak antolatu eta burutzea.*
Ipar eta Hegoaldeko herrien arteko desberdintasunak harremanen eta baliabideen banaketan dauden desberdintasunen azterketa.*
Jarduera ekonomikoko, inguruko egoera nabarmen bateko edo lan-merkatuko egoera jakin bateko antolamendu eta funtzionamenduan parte hartzen duten faktoreen azterketa.*
Familiaren edota norberaren ekonomiaren antolamendu eta funtzionamenduaren azterketa, bereziki kontsumoarena.4.– Komunikazioa:*
Azterlan ekonomiko eta sozialei buruzko ondorioen aurkezpena irudikapen grafiko, mapa, hormirudi, kontzeptuzko mapa, txosten eta abarren bidez.*
Bakarka zein taldean egindako lanen ondorioz demografia, espazioa, ingurugiroa, lana, ekonomia eta abarrei buruz ateratako ezaugarri eta arazoen adierazpen laburra.
Jarrerazko edukiak
1.– Ezagutzaren gaineko balio eta jarrerak:*
Paisaje ezberdinak aurkitu eta ezagutzeko jakinmina eta hauen aniztasuna zaindu beharreko natur eta kultur aberastasun gisa ulertzea.*
Gure garaiko joera eta arazo demografiko, ekonomiko eta sozialak, eta hauek eragiten dituzten kausak ezagutzeko interesa.*
Ekoizpen-sistemetan eragiten diren ondorio sozial, ekonomiko eta ingurugiroari dagozkionekiko gogoeta egitearen aldeko jarrera.*
Gizarteko sektoreek ekoizpen-prozesuan duten zeregina ezagutzeko interesa.2.– Tolerantzia, enpatia eta elkartasunezko balio eta jarrerak:*
Gizarteek bizirauteko, naturako baliabideak arrazionalki ustiatu behar direla konturatu eta hauek babestu eta hobetzearen aldeko jarrera.*
Pobrezia, bazterketa, ... pairatzen dituztenekiko elkartasun eta enpatia, eta arazo hauek desagerrarazi edota gainditzearren lanean dihardutenen aldeko jarrera.*
Emakumea ekonomia produktibo eta erreproduktiboko prozesu eta alor ezberdinetan parte hartzearen aldeko jarrera, dauden diskriminazioak gaitzetsiz.3.– Partehartzearen aldeko balio eta jarrerak:*
Elkartasun eta tolerantziazko jarrerak sortzen dituzten jardueretan, bakarka zein taldean, parte hartzeko interesa.*
Taldearen jarduera ezberdinetan parte hartzea, elkarren arteko harremanetan jarrera ez sexistak erakutsiz.

IV. MULTZOA: ERAKUNDE SOZIAL, POLITIKO ETA KULTURAL GARAIKIDEAK
Kontzeptuzko edukiak
1.– Ezagutza historiko eta soziala ezagutzeko oinarrizko kontzeptu historikoak:* kausalitate anitza
  • enpatia historikoa
  • gizarteko denbora historikoa -kronologia, aldaketa eta jarraitasun nozioak-
2.– Gizarte historiko garaikideak: * Eraldaketa politiko, ekonomiko, tekniko, kultural eta sozialak: Euskal Herriaren prozesua.
  • XX. mendeko gatazka politiko eta sozial handienetarako hurbilpena. Errusiar Iraultza. Deskolonizatze-prozesua. Munduko gerra handiak eta blokeen krisialdia. Munduaren ordenu ekonomiko-politiko berria.
  • Euskal Herria eta Espainia XX. mendean: monarkiaren krisia, Bigarren Errepublika, Gerra Zibila, diktadura eta demokraziaren berrezarpena. Antolamendu politiko eta lurralde-antolamendu berria.
3.– Espazio eta botere politikoa: * Erregimen politiko garaikide nagusiak: demokraziak, sistema autoritarioak, diktadurak,... Erregimen demokratikoen printzipioak eta erakunde nagusiak.
  • Espainiar Estatuko eta Euskal Herriko Autonomi Elkarteko erakunde politikoak: 1978ko Konstituzioa eta Gernikako Estatutua. Herrialde eta herrietako antolamendua.
  • Europa batzeko prozesua. Europar Batasuneko ezaugarri eta erakunde nagusiak.
  • Herri, nazio, estatu eta mugen egituraketa politiko aldakorra XX. mendean: egunerokotasuneko nazioarteko krisialdi edo gatazka nabarmen baten azterketa.
4.– Gatazka eta hiritarren partaidetza: * Berregituraketa soziala: aldaketak bizitza pribatuaren eta giza harremanen esparruan; aldaketak roletan eta gizon-emakumeen arteko harremanetan; gizarte postindustrialetako balio berriak (ingurugiroaren kalitatea), talde sozial berriak.
  • Partaidetza politikoa eta hiritarren partaidetza: Alderdi politikoak, sindikatuak eta beste erakundeak. Herri-talde eta mugimenduak. GKEak.
  • Gure garaiko desberdintasun, gatazka eta arazo sozialak: injustizia, biolentzia soziala, elkartasunik eza, diskriminazioa, kontsumismoa, marjinaltasuna, HIES...
  • Zenbait egitasmo etiko garaikideren azterketa: giza eskubideak, bakezaletasuna, feminismoa, antimilitarismoa, ekologismoa, garapen eusgarria, elkartasunezko kontsumoa, kulturartekotasuna, osasuna.

Prozedurazko edukiak
1.– Arazoak eta hipotesiak formulatzea:* Iraganeko edo gure garai bereko gizarteen bizimoduari buruz galderak egitea, gorde diren aztarnetatik abiatuta. Edo egungo ohituraren baten jatorriari buruz.
  • Gertakari historiko garaikideren baten garapenari buruz hipotesiak egitea.
  • Hurbileko arazo soziopolitkoren bat ikasleen errealitatera hurbiltzea, alternatiba ezberdinak proposatuz.
2.– Informazioa bilatu eta lantzea.* Iturri ezberdinen azterketa, balioespen eta erabilerarako hastapena, inguruneko arazo baten azterketara aplikatuta.
  • Denborazko sekuentzia eta aldaketa-prozesuen interpretazioa, eta hauek diagrama, koadro eta mapa kronologikoen bidez irudikatzea.
  • Informazio kontrajarrien erabilera kritikoa Historia garaikideko fenomenoren bat aztertzeko.
  • Gai politiko edo geopolitikoei buruzko mapen irakurketa eta interpretazioa.
3.– Azalpen-prozedurak:* Iraupen luze eta laburreko baldintza orokorren (teknikoak, ekonomikoak, ...) eta gertakari historiko horietan parte hartzen duten arrazoi pertsonalen identifikazio eta bereizketa,.
  • Iraupen eta abiadura ezberdineko bilakaera eta aldaketa politikoen prozesuen identifikazio, azterketa eta alderaketa, zenbait gizarte historikoren arteko parekotasun eta ezberdintasunak antzemanez.
  • Faktore ezberdinen arteko harremana identifikatzea gizarte historikoren batean edo ikaslearen egungo gizartean.
  • Iraultza bidezko aldaketak azaltzen dituzten kausa ezberdinen identifikazio eta azterketa gizarte garaikideren batean.
  • Aldaketa-prozesuen azterketan egitura eta egoera-aldaketen identifikazioa eta bien arteko bereizketa, ikasleari esanguratsua zaion adibideren batetik abiatuta.
  • Sistema politiko ezberdinen arteko parekotasun eta ezberdintasunen alderaketa.
  • Egunerokotasunezko gaiei buruz laburpenak edo ikerlan errazak egitea, komunikabideetatik eta egungo gatazkaren bati buruz egindako inkesta eta elkarrizketetan lortutako informazioetatik.
  • Hurbileko edo urrutiko gatazkak konpontzeko talde sozial ezberdinek hartzen dituzten jarreren identifikazio eta azterketa.
  • Egunerokotasuneko gertakari esanguratsuen azterketa, aurrekari historikoak eta egun baldintzatzen dituzten baldintzak ikertuz.
  • Egungo munduko eta gure gizarteko gizarte-arazo larrienentzako alternatibak eskaintzen dituzten erakundeek zein talde edota norbanakoek proposatutako neurriak identifikatu eta balioestea.
4.– Komunikazioa:
  • Historiako fenomenoren baten irudikatze eta aurkezpena diagrama, denbora-ardatz, kronologia-koadro, hormirudi, mapa eta abarren bidez.
  • Bakarka zein taldeka egindako laburpen edo ikerlan soilen aurkezpena.
  • Ondorioen aurkezpena ahoz, idatziz edota bestelako komunikabideen bidez.

Jarrerazko edukiak
1.– Ezagutzari buruzko balio eta jarrerak:
  • Historiako aldaketak, oraina ulertzeko esanguratsuenak bereziki, eragindako kausa, testuinguru orokorra, ondorio eta norbanakoen jokamoldeen zergatia ezagutu eta aurkitzeko interesa.
  • Heziketa eta prestakuntza politikoarekiko jarrera eta balorazio positiboa, gizartean sortutako arazoei erantzuteko tresna kolektibo gisa.
  • Botere politikoa maila ezberdinetan antolatzeko eredu desberdinekiko jakinmina eta jarrera kritikoa.
  • Droga-kontsumoaren ondorio kaltegarriak ezagutzea, eta kontsumo horrekin lotutako gaixotasunak jasaten dituzten pertsona edo taldeekiko elkartasuna.
2.– Tolerantzia, enpatia eta elkartasunezko balio eta jarrerak.
  • Herri, nazio eta estatuek beren subiranotasuna gauzatu eta beren kultura garatzeko duten eskubidea, gainontzekoen eskubide eta askatasunei kalte egin gabe, balioetsi eta onartzea.
  • Iritzi eta sinesmen aniztasunarekiko tolerantzia, eta printzipio eta erakunde demokratikoekiko onespen eta begirunea.
  • Aniztasuna, desadostasuna eta gatazka gizartearen garapena eragiteko tresna gisa onestea, eta elkarrizketaren aldeko jarrerak gizarteko arazoak konpontzeko jarrera garrantzitsuen gisa ulertzea, intolerantzia, indarkeria eta inposaketa jarrerak arbuiatuz.
3.– Balio eta jarrera partehartzaileak:
  • Norberaren herrian edo elkartearen baitan gertatzen diren arazoetan nahastearen aldeko jarrera, arazoon sustrai historikoak eta proposamen eta alternatiba ezberdinak ezagutzen saiatuz.



3. METODOLOGIA

Eskolatze-prozesuan oro har porrot sentsazioa bizi duten ikasleak direnez, ezinbestekoa da sentsazio hori errotik aldatu eta autoestimua leheneratzea, eta horrek ikaskuntza-prozesu sendoagoa eskatzen du. Horretarako, ikasleak arrakasta lortzera eramango dituzten hezkuntza-estrategia eta gailuak erabiliko dira, kontzeptuak baztertu gabe, prozedurak izango dituzte garrantzia, horrela Bigarren Hezkuntzako titulua lortzeko edo behintzat hurbiltzeko bidea erraztuz. Lehenengo eta behin, aztertu egingo da ikasleen aurrezagupenak, ia ikasleek zer dakiten hasieran, Hizkuntzan (gazteleran eta euskaran) eduki berberak landuko dira; beti azken helburua, hau da, prozedurak hobetzea, kontuan izanda. Ikasgai hauek gizarte zientziak ikasgaiarekin erlazionatuko dira posible den guztietan, ikasleek ikus dezaten gure inguruko guztia osotasun batean dagoela guztiz harremanetan.

Beraz, kurtso honetako diseinu metodologikoa hainbat arloren hezkuntza-integrazioan datza. Horretarako, ikaskuntza-proiektu integratuak, zein gai-guneak, disziplinarterko metodologiak edota edukiak uztartzeko beste eredu batzuk proposatuko dira, ikaslearen ikaskuntza globalizatuagoa eta adinari dagozkion interesekin lotuagoa izan dadin eta, horrela, interes eta motibazio handiagoa lortzeko.
Unitate didaktikoak prestatzerakoan ikaskuntza‑prozesu baterabilduak garatzen dituen eredu bati jarraituko zaio, ikasleek beren ikaskuntzan parte hartu eta ikaskuntza horren gainean gogoeta egin dezaten sustatuz. Beren ikerketa lana bultzatu egingo da, horrela, informazioa atera eta ordenatu egin behar izango dute, iritziak eta hipotesiak egin, interpretatu eta azaldu hitzez edo/eta idatziz.
Disziplinarteko estrategia globalizatzaileekin batera, gomendagarria litzateke proposaturiko ikaskuntzak nerabearen garapen sozio-afektiboaren mailara egokitzen dituzten prozesu indibidualizatuei bide ematea. Honetaz gain, etapako helburu orokorrak hobeto erdietsi eta ikasleek azaltzen dituzten beharrizanei erantzun egokiagoa emateko, aproposak iruditzen diren aldaketak egingo direlarik.

Ondoko alderdiak hartuko dira kontuan:
  • Ikaskuntza eraikitzailea, esanguratsua eta funtzionala.
  • Lankidetza eta partaidetzazko ikaskuntza
  • Disziplinarteko ikaskuntza globalizatua
  • Banan banako eta pertsonalizatutako ikaskuntza
  • Metodologia ezberdinak
  • Ekintza berezituetarako proposamena
  • Ikasmaterial desberdinduak
  • Taldekatze malguak eta abiadura ezberdinak
4. EBALUAZIO IRIZPIDEAK

1.– Mota ezberdinetako idatzizko zein ahozko testu esanguratsuen funtsezko ideiez eta helburuez jabetzea, edukien laburpenak egin eta hizkuntz osagaien funtzionamenduari buruz gogoeta eginez.

Ikasleek ahozko zein idatzizko testuetako mezuei buruz duten ulermen-maila neurtu nahi da, funtsezko datuak gehigarriengandik bereiziz, eta beren helburua -informatzea, zerbait azaltzea, argudiatzea, zerbait kontatzea, deskribatzea...– zein den antzemanez. Era berean, hizkuntzaren hainbat funtsezko mekanismo beren alderdi ezberdinen arabera -testuala (helburua, erregistroa, kanala e.a.), antolamenduari dagokiona (tipologiaren arabera nola eta zein ikur formalen bidez egituratzen den), morfosintaktikoa (sintagma-multzoak eta kategoria gramatikalak bereiztea) eta lexikoa (bereizgarri semantikoak, eremuak...)- aztertzeko duten gaitasuna ere ebaluatu nahi da, testuak hobeto ulertu eta sortzearren.
2.– Ikasleen hurbileko erabilera eremuko eta mota ezberdinetako ahozko zein idatzizko testuak sortzea, aurretiaz erabakitako komunikazio-egoera batera egokituz, edukia egituratuz eta zuzentasun-irizpideekin bat etorriz.
Irizpide honen bidez, ikasleek ahozko zein idatzizko testuak bakoitzari dagozkion parametroak betez sortzeko duten gaitasuna neurtu nahi da: ahoskera edota idazkera ulergarriko azalpenak, egituraketa ordenatua eta aurretiaz erabakitako egitasmo edo gidoi bati lotutakoa, komunikazio-egoerarekiko egokitasuna, informazioak eta argudioak aurkezteko garaian hurrenkera logiko bati jarraitzea eta, eztabaida kasuetan, arau soziokomunikatibo eta pragmatikoak betetzea. Ikasleei eskatuko zaizkien testuak beren inguruari eta egunerokotasunari buruzkoak izango dira nagusiki.
3.– Irakurmenaren bidez beren interesentzako garrantzitsua den informazioa lortzea eta irakurtzeko ohitura norberaren gozamenerako iturri gisa ulertzea.
Irizpide honen bidez, ikasleak bere interesekin bat datozelako aukeratu dituen irakurgaien ideia nagusiak ateratzeko, ideia horiek laburtu eta inguruko auzi gatazkatsuekin alderatzeko eta ideion ezaugarriak, interesa eta edukiak ikaskideei komunikatzeko... duten gaitasuna neurtu nahi da. Bestalde, beren irakurgaiak aukeratzeko duten autonomia-maila ere neurtu nahi da.
4.– Gai berari buruz informazioa iturri ezberdinetik lortu eta aukeratzea, era kritiko eta autonomoan aztertzea, informaziozko edukiak eta norberaren iritzia biltzen dituen laburpen batean uztartuz, eta, modu ordenatuan, ulergarrian eta aurretiaz erabakitako egitasmo bati jarraiki, azalpenak adierazi eta emaitzak komunikatzeko prozedura egokiez baliatzea.
Irizpide honen bidez, ikasleak idatzizko iturri ezberdinak ezagutzen dituen eta beroiek eguneroko bizitzako alderdiren bati buruzko lanean erabiltzen badakien eta iturrietatik jasotako mezuen aurrean jarrera kritikoa azaltzeko gauza den jakin nahi da. Iturriok honakoak ditugu: idatziak (agiri historikoak, literatur idazkiak eta komunikabideetatikako albisteak bereziki), ahozkoak, grafikoak (mapak, grafikoak, krokisak e.a.), ikonografikoak eta ikus-entzunezkoak... Bestalde, aintzat hartuko da emaitzak eskema, laburpen, kontzeptuzko mapa, krokis, grafiko, taula estatistitiko, hormirudi, panel, komiki eta abarren bidez aurkeztea.
5.– Hizkuntza/gizartea esparruko hiztegi egokia eta funtsezko kontzeptuak komunikazio-egoera ezberdinetan erabiltzea, adierazpide diskriminatzaileak, iraingarriak eta baztertzaileak saihestuz.
Irizpide honen bidez, ikasle bakoitzak erabilitako hiztegiaren eta kontzeptuen aberaskuntza, aniztasuna eta egokitasunaren aurreratze-maila neurtu nahi dira, besteak beste, iritziak ematerakoan, eztabaidetan eta lan-taldeetan parte hartzean, ondorioen eta txostenen berri ematean, etab. Era berean, mezu ez diskriminatzaileak (arrazistak, sexistak, etab.) plazaratzea eta norberaren ideiak tolerantziaz adieraztea onetsiko dira
6.– Euskal Herriaren eta Espainiaren egoera soziokinguistikoari buruzko oinarrizko berezitasunak deskribatzea, beren izaera eleanitza adierazpide soziokultural gisa ulertuz eta errespetatuz.
Irizpide honen bidez, ikasleak Euskal Herrian eta Espainian hizkuntza eta dialekto ezberdinak daudela badakien jakin nahi da. Bestetik, bere senitartean edo eguneroko harremanetan hizkuntzen arteko trukea islatzen duten adierazpenak identifikatzeko gai den ere jakin nahi da. Halaber, Euskal Herriaren izaera eleanitza onetsi eta errespetatzen duen eta normalizazio-prozesuaren ezaugarriak ulertzen dituen.
7.– Hurbileko ondareko adierazpide esanguratsuak identifikatu eta aztertzea, norberaren eta taldearen gozamenerako iturri gisa ulertzea, eta berau gorde eta hobetzen laguntzen duten hainbat arau onartzea.
Irizpide honen bidez ikusi nahi da ikasleak «ondare» hitzaren esanahia, bere alderdi ezberdinetan (kultur, hizkuntza, literatura, artea, historia, gizartea, natura, eta abarrei dagokienetan), norberaren eta gizartearen gozamenerako iturri gisa ulertzen duen, ondare horren zenbait adierazpide esanguratsu identifikatzeko gauza den, bere ingurunekoak edota, beren izaera unibertsala dela-eta, ondare komunari dagozkionak -bereziki gure garaiko gizarteak burututakoak-, eta azterketa -gaitasuna (ezaugarriak, tipologia, etab.) eta bere gustu estetikoa garatzen dituen, norberarenak ez bezalako aukera eta alternatibak errespetatuz. Era berean, ondarearen babesa, zaharberritzea eta hobekuntzaren aldekoa den eta ondarearekiko begirunezko jarrera hartzen duen ikusi nahi da.
8.– Eguneroko bizitzako auzi gatazkatsuei eta egungo munduari buruz ikerketa deskribatzaile erraza egitea, bakarka eta taldean, eta zuzeneko ikerketa-teknikak erabiliz, eta emaitzak era sintetiko eta arrazoituan komunikatzea.
Irizpide honen bidez, ikaslea, bakarka zein taldeka, ikerketa-metodoaren fase ezberdinak (antolaketa eta diseinuarekin hasi, hipotesiak proposatu, arazo bat hautatu, informazioa bilatu eta erabili,... eta ondorioak aurkeztu arte) garatzeko gauza den ikusi nahi da. Ikergaiari dagokionez, eguneroko bizitzako edo egungo munduko hainbat arazo aukera daitezke, bai herri mailakoak bai maila orokorragokoak, besteak beste: marjinazio-egoerak, biolentzia-kasuak, emakumearen diskriminazioa, HIESa, gazteriaren arazoak oro har, dilema etikoak... Bestetik, ondokoak erabil daitezke zuzeneko ikerketan: azterlanak, inkestak, elkarrizketak, galde-sortak, prentsako bilaketa eta kontsulta, lehen mailako iturriak, etab. Kasu bakoitzean, teknika eta prozedura ezberdinak garatu eta erabiltzean erakutsitako gaitasun-maila ebaluatuko da. Azkenik, emaitzak aurkeztu eta komunikatzeko garaian lortutako gaitasun-maila neurtu nahi da bereziki, bai ordena, argitasuna eta txukuntasunari dagokienean, bai emaitzen funtsa eta koherentziari dagokienean ere.
9.– Bizi den gizartearen oinarrizko ezaugarri, balio eta sinesmenak identifikatu eta, inguruneko kasu zehatzetatik abiatuz, gizarte garaikidetakoekin erkatzea, beren bilakaera aztertu, kultur aniztasuna aberastasun gisa ulertu eta genero, sexu eta abarreko estereotipo kulturalak gaindituz.
Irizpide honen bidez, ikaslea, bere esperientziatik eta bere ingurune hurbiletik ateratako ezaugarrietatik abiatuta, euskal gizarteari buruzko funtsezko ezaugarriak ateratzeko eta azaltzeko, eta hipotesiok egiaztatu eta beste gizarte garaikideetakoekin alderatzeko gauza den ikusi nahi da. Era berean komenigarria litzateke ikustea bere azterketan azalpen sinplistak, topikoak edota estereotipo gehiegi dituztenak gainditzen dituen, bere gizartean eta euskal kulturan ezberdintasunik somatzen duen (talde ezberdinei edo geografiari dagozkienak), eta gizarte hori beste kulturek eragindako aldaketak, eraginak eta aberaskuntzak jasan ditzakeen eraikin gisa ulertzen duen.
10.– Pil-pilean dagoen nazioarteko krisialdi edo gatazka bat aurkitu eta aztertzea, komunikabideak erabiliz nagusiki, iturburua, parte hartzen duten eragileak, interesak, ondorioak ... zeintzuk ote diren arakatuz, baita alderdi politiko, ekonomiko, sozial, kultural eta ingurugiroari dagozkionekiko harremanak zeintzuk diren ere, ondorioak jasaten dituztenekiko elkartasuna adierazi eta bakea babesteak eta gatazkak bakebidez eta elkarrizketaren bidez konpontzearen aldeko jarrerak onetsiz.
Irizpide honen bidez, ikaslea egungo nazioarteko krisialdi edo gatazkaren batean nahastutako alderdi politiko, ekonomiko, sozial, kultural eta ingurugiroari buruzkoen arteko harremanak aztertzeko gauza den ikusi nahi da, horretarako, kausa bakarreko azalpenak gainditu eta gizarteko komunikabide ezberdinetatikako (prentsa, telebista, irratia,...) informazioetan oinarrituz nagusiki. Bestetik, aztertzen ari den gatazka eragin duten kausekiko, motibazio ezberdinekiko, parte hartzaile ezberdinekiko... interesik azaltzen duen ikusi nahi da. Garrantzitsua da, halaber, bere azterketa eta ondorioetan jarrerazko alderdiak kontutan hartzen dituen, gatazken ondorioak jasaten dituztenekiko elkartasunari dagokionean, eta gatazkak bakebidez eta elkarrizketaren bidez konpontzearen alde dagoen eta bakerako, bizitzarako, ingurugiro osasuntsurako... eskubide indibidual eta kolektiboak begi onez jotzen dituen.
11.– Gizarte-zientzietako oinarrizko kontzeptuetako batzuk (aldaketa iraunkortasuna, diakronia eta sinkronia, kausa aniztasuna, egitura eta egoera, enpatia historikoa...) gertaera historiko eta sozial zehatzekin harremanetan ulertzea.
Irizpide honen bidez, da ikaslea oinarrizko kontzeptu historikoak eta Gizarte Zientzia ezberdinetako beste batzuk ezagutzen dituen ikusi nahi da, eta gaitasun hori zenbateraino erabil dezakeen gertakizun, arazo edo egoera zehatzak aztertzeko, hori egitean konplexotasuna eta elkarrekiko harremanak baloratuz, azaleko azalpenak gaindituz, gertakarien iturburuari, aldaketa-prozesuei eta pertsonek eta taldeek izandako egitekoari buruz, zein gertakariok orainean eta geroan izan ditzaketen eraginei buruz gogoeta eginez. Historialarien eginkizunari eta historiaren ezagutzaren objetibotasun/subjektibotasuna zenbateraino ulertzen duten ikusteko aukera egokia da, halaber.
12.– Egungo munduaren funtzionamendua eta bertan dauden egitura sozioekonomikoak aztertzea, faktore eragile eta oinarrizko instituzioak identifikatuz, lanaren banaketa tekniko, sozial eta sexual gaitzetsiz eta ezagutza hori inguruneko hainbat arazo aztertu -langabezia, kontsumo-gizartea...– eta norberaren eta familiaren ekonomia ulertzeko erabiltzea.
Batetik, ikaslea bizi den gizarteko egitura sozial eta ekonomikoen azterketan sakontzeko gauza den ikusi nahi da, eta horretarako, horien konplexotasun eta harremanez jabetu eta gizarteotan nagusiki diharduten eragile eta instituzioak (burtsa, sindikatuak...) identifikatzen dituen. Interesgarria da, bestetik, nolako autonomia-mailaz antzematen dituen aztergai izan daitezkeen arazoak -besteak beste, langabezia, gehiegizko kontsumoa eta zarrastelkeria, lan-esplotazio egoerak, etab. Azkenik, egitura sozioekonomiko nagusiek beren ingurunean, familian zein maila pertsonalean, duten eraginaz jabetzeko gauza den eta hortik eguneroko bizitzan erabil ditzakeen ondorioak ateratzen dituen ikusi nahi da.
13.– Ingurune hurbileko ingurugiro-arazo nabarmenenak aztertu eta arazook ingurune naturalaren eta bertan gizakiak egiten duen ustiapenaren arteko harreman desorekatuaren ondorio dela jakinik, horren kausak, ondorioak eta parte hartzen duten eragileak identifikatzea, eta planetako ingurugiro-arazo orokorrekin erkatzea, norberaren inplikazioaren aldeko jarrera partehartzaileak garatuz.
Irizpide honen bidez ikusi nahi da ikasleak inguruneko ingurugiro-arazoak (atmosferaren kutsadura, zarata, uraren kutsadura, lur emankorren galera, bioaniztasunaren hondamena, hirietako jende-pilaketa, etab.) zuzeneko kausekin lotzen dituen eta ingurugiroaren eta gizakion natur baliabideak ustiatzeko moduaren -garapen ez euskarria- arteko harreman desorekatuaren ondorio direla ulertzeko, eta arazook eragin ditzaketen ondorio batzuk aurrikusteko gai den. Era berean, irizpide hau egokia da arazo horientzako konponbideak proposatzeko gauza den, maila hurbileko ingurugiro-arazoen eta Biosferako arazo orokorren (atmosferaren beroketa, klima-aldaketa, bioaniztasunaren galera, ozono-geruzaren suntsiketa eta beste) arteko harremana ikusten duen eta arazook konpontzeko norberak konpromezuzko jarrerak hartzearen garrantziaz konturatzen den ikusteko. Azkenik, ikusi nahi da zenbateraino erabiltzen dituen zientzia/teknologia esparruan lortutako ezagutza eta trebeziak bere azalpen eta arrazoiketetan.
14.– Giza eskubideak gizarte demokratiko baten adierazpide gisa ulertzea, berauek lortzeko eta babesteko prozesuan topatutako oztopoez jabetuz eta gizarte horietako eskubide eta betebehar pertsonalak onartuz.
Irizpide honen bidez ikusi nahi da ikaslea gizarte demokratikoen arteko harremanak azaltzeko gauza den eta giza eskubideak ezagutu eta betetzen dituen, eskubideok lortzeko eta orokor bihurtzeko prozesuko une garrantzitsuenak zein historia hurbilean topatutako zailtasun eta trabak deskribatzeko gai den, oinarrizko eskubideak zapaldu diren kasu edo egoerak antzematen dituen, instituzioek eta herri-elkarteek eskubide horien alde burututako eginkizun garrantzitsua balioesten duen, jaiotze, sexu, arraza, erlijio, iritzi, hizkuntza... arrazoiengatik diskriminatzen dituztenekiko elkartasuna adierazten duelarik. Era berean, herritar gisa dagozkion eskubide eta betebeharrak zeintzuk diren badakien eta bere gain hartzen dituen, eta ikastetxearen eremuan eta besteekiko harremanetan nola gauzatzen dituen ere ikusi nahi da.
15.– Euskal Herriko, Espainiako eta Planetako ezaugarri fisiko, biogeografiko, paisajistiko, ekonomiko, sozial, politiko eta kultural nabarmenenak mapetan kokatzea, alderdi geopolitiko eta ekonomiko aipagarrienak nabarmenduz.
Irizpide honen bidez ikusi nahi da ikaslea gai den planeta-mailako ezaugarri esanguratsuenen -adibidez, paisaje-multzo handiak, nazioarteko organismoak (Europar Batasuna eta NBE bereziki), eremu garatuenak garapen-bidean dauden eskualdeen aldean, lehengai gehien ekoizten dituzten herriak, erlijio hedatuenak, etab.– interpretazio ahalik eta orokorrena egiteko eta eskala hurbilagoan, Euskal Herrian eta Espainian, bereizgarri espezifikoak eta komunak eta eskualdez gaindiko espazioekiko harremanak identifikatzeko gai den. Bestalde, fenomeno garrantzitsuenak mapetan kokatzen dituen eta oinarrizko irudikapen kartografikoak egiten badakien ere ikusi nahi da, besteak beste, herrialdea, Euskal Autonomi Elkartea, Euskal Herria, Espainia, Iberiar penintsula, Europa -Europar Batasunarekin batera-, Mediterraneoa, etab.
16.– Euskal Herriaren egituraketa demografikoaren ezaugarriak zeintzuk diren zehaztu eta bere arazo nagusiak eta konbonbide posibleak, zein gutxien garatutako herrialdeeteek hazkunde demografiko dela-eta dituzten arazoak aztertzea.
Irizpide honen bidez ikusi nahi da ikaslea Euskal Herriaren egituraketa demografikoaren ezaugarri nagusiak eta, gizarte heldu bati dagokionez -Iparraldean garatutako beste batzuen antzekoa- dituen arazoetako batzuk antzemateko gai den, alegia, jaiotze-tasa oso txikia, zero hazkuntza edo hazkuntza negatiboa, bere egituraren zahartzea, bizi-itxaropen luzea (luzeago emakumeentzat gizonezkoentzat baino), Hegoaldeko herrietatikako inmigrazioa, etab. Era berean, eredu demografiko ezberdinek dituzten herri edo populazioekiko -gazteak eta trantsiziozkoak- aldeak ikusten dituen eta, batez ere, Hegoaldeko herrietako populazio-hazkundearekin lotutako arazo nagusiak (ingurugiroren gaineko ondorioak, pobrezia, tirabira sozial eta politikoak, etab.) azaltzeko gauza den.

5. GIZARTE- HIZKUNTZA ESPARRUaren helburuen eta irizpideen arteko lotura